2007/06/25

OPORRETAAAAAAAN!!!!

Ikasturtea bukatu da,beraz, orain oporraldi luzea daukagu nahi duguna egiteko eta lagunekin ondo pasatzeko. Gainera, herri askotako jaiak dira eta ziur nago ni haietan egongo naizela. Ea uda on bat pasatzen dugun eta gero irailean pixka bat ikasi behar eta lanean hasi.
ONDO PASA LAGUNAK!!!!

2007/05/29

BI BIDER DISKRIMINATURIK

" Bi bider diskriminaturik " artikulua irakurri dut eta oso intersgarria iruditu zait, pertsona gorren dituzten trabei buruz aritzen delako. Jarraian, artikulua zertaz doan irakurri ahal izango duzue.
Entzumen urritaunari buruz gizartean ezjakintasun handia dago. Gainera, jendea ez da ohartzen gabezi honetaz pertsonarekin hitz egiten duen arte, adibidez, sendagilearengana edota epaiketa batera joatea gauza pentsaezinak dira gorrentzat, kontzientzia gutxi dago gai honen ingruan. Horretarako, lanean ari dira Euskal Gorrak elkarteko kideak urritasuna gauza normala bezala ikusteko. Baita urritasun hau hezkuntzan era normal batean ikusia izateko lanean dabiltza Ulertuz Bizkaiko ume gorren lagunen eta familien elkartea ere.

Hezkuntza eremuan lan handia egin behar da, baita lan munduan ere. Pertsona hauek askotan lanbideetara doaz maila akademiko baxu batekin eta hori dela eta, oso diru gutxi ordaintzen duten lanpostuak aurkitzen dituzte. Arreta handia jarria behar da lan egoeretan eta eskubideetan.

Keinu- hizkuntzaren alorrean hutsune handia dago, Autonomi Erkidego gehienetan keinu- hizkuntza espainiarra ikasten delako. Kataluniak salbuespena da, beraiek beren keinu- hizkuntza propioa daukate. Adibidez, Euskal Herrian lan handia egin behar da gai honen inguruan euskaldunek beren hizkuntza erabiltzeko aukera izateko, Martha Kaperotxipi idatzitako artikulua "Euskara eta euskaraz ikasi nahi duten gorrentzat aukera paregabea" adibide gisa daukagu.
Ondorioz, esan dezaket gorrek oraindik ez dituztela entzunek ditugun eskubide berdinak, arlo askotan oraindik, lan handia egin behar da beren eskubideak errespetatuak izateko bai hezkuntzan bai lan munduan, gizarte osoan orokorrean.


DISKRIMINAZIORIK EZ, BERDINTASUNA BAI!!!




Bideo hau You tubetik hartu dut

2007/05/28

DEFINIZIO BATZUK!!

Jarraian, gorreriari buruzko definizio batzuk aurkituko dituzue eta hauen ondoan definizioen informazio iturriak:
  1. Gorreri: entzuteko gaitasuna ahultzea edo erabat galtzea. Harluxe Hiztegi Entziklopedikoa.
  2. Gorreri: gortasuna, entzumenaren ahultzea edo erabateko galtzea. Entziklopedia Laburra.
  3. Gorreri: sordera, privación o disminución de la facultad de oir. Auñamendi Entziklopedia.
  4. Gorreri: gortasuna edo gorreria izeneko gaitza entzumenaren galera osoa edo partziala da. Halaber, akutua edo kronikoa izan daiteke. Wikipedia, Entziklopedia askea.
  5. Gorreri: entzumena ahultzea edo hura erabat galtzea ezaugarri dituen prozesua. Gorreria balioestean, gaixoaren belarriak aztertzen dira, exudaziorik, zoldarik, argizaririk edo ohiz kanpoko egiturarik ba ote dagoen ikusteko. Ebakuntza bidez sendatzen dira zenbait gorreria mota; beste zenbaitetan, entzumena hobetu daiteke audifonoen eta antzeko tresnen laguntzaz. Erizaintzako Hiztegia ( 99.orrialdea )
  6. Haur gorra: Haur gor bezala entzuteko gaitasuna erabat edo hein batean behintzat galduta daukana hartzen dugu. Entzumen-akats hau sortzen duten arrazoiak bi talde nagusitan bana genitzake: hartuak eta sortzetikoak. Zientzia.net: artikulua ( entzumenaren akatsak eskolan )

2007/05/24

LOGOPEDAREKIN ELKARRIZKETA


Hauxe da logopedari egin nahi nion galdetegia:


  1. Inoiz egin ahal zara haur gor batekin lanean?

  2. Jaiotzetik gorra zen?

  3. Gurasoek nola hartu zuten bere haurra gorra izateak?

  4. Zein zen haren gortasun maila?

  5. Nola komunikatzen zinen berarekin?

  6. Zeinuen hizkuntza non ikasi duzu?

  7. Zer nolako ariketak burutzen zenituen berarekin?

  8. Nola lantzen zenuen ahozko hizkuntza?

  9. Nola lantzen zenuen hizkuntz idatzia?

  10. Gurasoekin harremana nolakoa zen?

  11. Zer jarrera zeukaten gurasoek?

  12. Gurasoetariko bat gorra al zen?

  13. Eskola edo dela barruan giroa nolakoa zen?

  14. Astero zenbat ordu igarotzen zenituen umearekin?

  15. Zer nolako aurrerapenak ikusi zenituen haurrarekin egon ahala?

  16. Ume gorra ikaskideekin nolako jarrera zuen? eta haiek berarekin?

  17. Elkarteren baten sartuta zeuden gurasoak eta umea?

Hasiera batean Arrigorriagako logopedari galdera hauek egitea pentsatuta neukan, ume gorrarekin eskolan zer nolako ekintzak egiten ziren eta eskolako jarrera zein zen jakiteko. Baina zoritxarrez prestatutako galdetegia ez zait suertatu baliagarria. Ostiralean eskolara joan nintzen logopedarekin hitz egiteko asmoz, bere bulegora joan nintzen eta azaldu nion blog bat egiten ari nintzela ume gorrei buruz eta bere laguntza behar nuela jakiteko eskolan ume hauekin zer egiten den jakiteko.
Logopedak esan zidan berak keinu- hizkuntza ikasi zuela orain dela urte batzuk. Hizkuntza ikasi ostean haur gor batekin lanean egon zela eta bere zeregina zela haurrari keinu- hizkuntza irakastea. Haur gorrarekin egoten zenean bakarrik horretan aritzen zirela, ez zuten beste ariketarik egiten. Haurra nahikoa zuela keinu- hizkuntza ikastearekin esan zidan. Ez dit laguntza gehiagorik eskaini soilik hori komentatu zidan ume gor horri buruz. Beraz, sentitzen dut galdetegi hau betetzeko posibilitatea ez izatea momentu honetan. Baina denbora gehiago dudanean saiatuko naiz galderei erantzun bat aurkitzen.

Argazki hau hurrengo helbide honetan aurkituko duzue: www.encaletado.com

2007/05/23

KEINUEN- HIZKUNTZA NON IKASI?

Keinu- Hizkuntza askotan urrunekoa suertatzen zaigu, ez daukagulako informaziorik honi buruz. Niri interes handia sortzen dit eta horregatik hizkuntza hau ikasteko leku batzuk aipatuko dizkizuet. Gainera, uste dut irakasleak hizkuntza hau jakitea oso garrantzitsua dela, gure gelan haur gor bat egon daitekeelako eta berdintasun maila bat eduki nahi badugu ume horrekin komunikatzeko orduan, bere hizkuntza ezagutzea oso garrantzitsua izango da. Beraz, jarraian keinuen hizkuntza ikasteko lekuak aurkituko dituzue:

  1. Donostiako Kultur Etxeetan keinu- hizkuntza ikasteko aukera
  2. Donostiako Hizkuntza Modernoen Institutua
  3. Gipuzkoako pertsona gorren elkarteko ikastaroak
  4. Bilbo eta Bizkaiko Gorren Elkarteko ikastaroak
  5. IES Botikazar BHI goi gradu
Informazio hau zuentzat baliagarria izatea espero dut. Anima zaitezte keinu- hizkuntza ikasten, oso polita da eta ikastean nolabait kultura batean sartzen ari gara. Ez dugu soilik hizkuntza ikasten, pertsona gorrei buruzko bizimodua, ohiturak eta nola sentitzen diren traba handiak jartzen duen gizarte honetan ikasteko aukera ere izango dugu. Irakasleak keinu- hizkuntza ezagutzea beharrezkoa dela iruditzen zait, noizbait gelan ume gor bat badaukate beharrezkoa izango delako berarekin komunikatu ahal izateko.

EUSKARA ETA EUSKARAZ IKASI NAHI DUTEN GORRENTZAT AUKERA PAREGABEA

Martha Kaperotxipi Urain egindako artikulua " Euskara eta euskaraz ikasi nahi duten gorrentzako aukera paregabea" irakurri dut eta oso interesgarria iruditu zait, euskararen presentzia keinu- hizkuntzan nola dagoen azaltzen baitu. Jarraian, artikuluan irakurritakoa aurkituko duzue.

Euskal Herrian bi errealitate ditugu, Iparraldekoa, non frantsesa den hizkuntza ofiziala, eta Hegoaldekoa, hizkuntza ofiziala gaztelania izanik. Ahozko hizkuntzarekin gertatzen den moduan keinuen hizkuntzarekin berdin gertatzen da.


Momentu honetan Marthak lanean dabil keinu- hizkuntza arautu nahian, gertatzen dena da oso material gutxi dagoela. D eredua eskolan eta unibertsitatean indartzen ari denez honako galderak planteatzen ditu: Zer dela eta ikasi ahal dute entzumedunek euskara eta euskaraz eta gorrek ezin dute gauza bera egin? Zergatik ikasi behar dute espainola, hegoaldeko kasuan, familia osoa, herria eta orokorrean euren ingurunea euskalduna denean?

Gorrak erabat diskriminatuta daude euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko aukera ematen ez zaielako. Arazo honekin bukatzeko irakasleak eta hezitzaileak prestatuta egon beharko dira pertsona hauen nahiak asetzeko.

Marthak tesi lanarekin euskara eta keinu- hizkuntza bera uztartu nahi du. Eta Zarautzen jarri den pertsona gorrentzako ikastaroarekin euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko aukera eman nahi da.

Ematen ari diren pausu hauek gorren komunitatean oso garrantzitsua da!

Argazkia aurkituko duzue helbide honetan:http://www.esperientzia-gelak-araba.ehu.es/p004-8635/eu/

BIDEOA: HAURRENTZAKO IPUINAK

Bideo hauetan zeinu bidezko hizkuntzaren bidez egindako lehiaketa agertzen da. Hizkuntza honen bidez haurrentzako ipuinak kontatzen dituzte. Pena bat da hizkuntza hau ez ulertzea, bideotan agertzen dena ezin izango dugulako ulertu. Horregatik, beste artikulu batean zeinu bidezko hizkuntza ikasteko lekuak jarriko dizkizuet. Nik hurrengo urtean hizkuntza hau ikastea nahi dut.

Bideoak ikustean arreta jarri ipuin kontalarien gorputzen mugimenduan eta aurpegiko keinuetan. Konturatuko zarate eskuekin egiten duten mugimenduez gain gorputza eta aurpegia batez ere oso garrantzitsuak direla komunikatzeko sistema honetan.

Bideoak: " Primer Concurso Nacional Literario en Lengua de Señas Argentina. Cuentos infantiles para niños sordos."

1go Bideoa


2. Bideoa


Bideoak Googlen eta You Tuben aurkitu ditut. Bertan, gorrei buruzko bideo asko aurkituko duzue. Bideoak ikusten nengoela gorrei buruzko filme bat aurkitu dut. Oso intersgarria dirudi, haurrek eskolan agertzen dira, gurasoak nola sentitzen diren... pertsona hauen eta inguratzen dituzten pertsonen bizitza agertzen da. Filmearen izenburua hauxe da: " Le Pays des Sourds ( El País de los Sordos ) ", Nicolas Philibert.

2007/05/18

HAUR GORREN GURASOAK

Gehienetan, gurasoek beraien umea jaiotzearen zain daudenean espero dute arazorik gabe edo ezintasunik gabe jaiotzea. Baina umeak ezintasun bat duela jakitean askotan ez dute berria ondo hartzen. Batzuk, beraien errua dela uste dute, eta txarto sentitzen dira gauzak ondo ez dituztelako egin. Horregatik, momentu hauetan senideen, lagunen, medikuen eta elkarteen laguntza oso garrantzitsua izango da. Lortu behar da gurasoak txarto ez sentitzea eta haurraren ezintasunaren aurrean laguntza eskaintzea. Ulertu behar dutena zera da, nahiz eta beren umeak ezintasun bat eduki bizitza normala eraman dezakela behar besteko laguntza eta maitasuna emanez, eta giro on bat sortuz etxean.


Guraso entzuleek seme- alaba gorra dutenean beharrezkoa izango dute zeinu hizkuntza ikastea eta estrategia hoberenak bilatzea umearekin komunikatzeko eta garapen on bat ziurtatzeko. Horretarako, gai honetan adituak diren pertsonekin harremanetan jartzea hoberena izango da, umearen heziketa eta komunikazio bera, modu egokienean bideratu ahal izateko. Baita, oso egokia litzateke heldu gor batekin kontaktuan jartzea ere, heldu gorra komunikazio estrategia asko irakatsi ahal dielako ( "La educacion de los niños sordos hoy Perspectivas y respuestas educativas" liburua ).

Gurasoek beren seme- alaba gorra dela entzutean bide luzea hasten dute mediku batetik bestera joanez hoberena delakoaren ustetan. Baina ez dira konturatzen gehienetan ez duela ezertarako balio, gortasuna ez delako kentzen eta egiten dutena denbora galtzea besterik ez da. Umearen gortasunaren berri duten lehenengo momentutik hasi behar dira haren gaitasunak lantzen eta baliabide ezberdinak erabiltzen. Familia laguntza handia eskaini behar dio haurrari garapen egoki bat edukitzeko eta ziurtatzeko ( " Conocer al niño sordo " liburua ).

Beraz, ume gorraren aurrean jarrera egokia eduki behar da eta laguntza etengabe eskaini. Haurraren garapena lortu behar da eta gizarteratzea ere. Horretarako, zeinu hizkuntzaren, ahozko hizkuntzaren eta hizkuntza idatziaren ikasketa ziurtatu behar ditugu komunikazio tresnak baitira eta pertsonekin harremanetan jartzeko beharrezkoak.

HIZKUNTZA IDATZIA

Haur gorra hizkuntza idatziarekin harremanetan jartzean oinarrizko azalpen bat eman behar diogu, esanez hizkuntza idatzia ez dela soilik objektu bat deskribatzea edota paper batean ideiaren bat adieraztea, ahozko hizkuntzaren beste adierazpide bat dela. Kontuan hartu behar dugu ahoz esaten duguna idatzi dezakegula, baita irakurri ere. Langunduko diogu umeari zentzua ematen hizkuntz idatziari. Komunikazio sistema bat gehiago da, pertsonak urrun ditugunean haien berri, hizkuntz idatziaren bitartez eduki dezakegu edo gure asmoak adierazi une jakin batean, haren erabilgarritasuna aurkitzen lagunduko diegu zenbait ariketen bitartez. Hizkuntz batetik bestera pasatzeko Vygotskik proposatutakoa jarraitu dezakegu: joku sinbilikotik irudietara pasatzea eta hortik hizkuntz idatzira.

Hizkuntz idatziaren ikaskuntzarako sortzen dugun giroa garrantzitsua izango da. Hauek dira kontuan hartu beharreko pausu batzuk:

  1. Hizkuntz idatziak dituen funtzioak haurrari erakustea: funtzio komunikatiboa, funtzio informatiboa, funtzio sortzailea...

  2. Haurrari mota desberdinetako liburu eta materialekin harremanetan jartzea.

  3. Laguntzea mota desberdinetako testuak idazten.

  4. Hizkuntz idatziaren zentzua eta erabilgarritasuna erakustea.

  5. Hizkuntz idatziak lotura edukitzea eskola eta eskolatik kanpoko bizitzarekin.


Oso garrantzitsua da haurrek ikastea komunikazio tresna ezberdinak, horregatik hizkuntz idatzian arreta jarri behar dugu.


Informazio hau betetzeko " La educación de los niños sordos hoy Perspectivas y respuestas educativas" liburuaz baliatu naiz.

1go argazkia helbide honetan aurkituko duzue:http://www.ulibarri.info/a/deo/dok/irakasle/ahoz1

2. argazkia helbide honetan aurkituko duzue:http://www.aspanovasbizkaia.org/proyectos.htm

2007/05/17

EZPAINEN ETA AURPEGIAREN IRAKURKETA

Haur gorrek zailtasunak dituzte hiztun entzuleak esaten dutena ulertzeko. Zailtasun maila haur bakoitzak duen entzumen galeraren araberakoa izango da. Besteek esaten dutena ulertzeko sistema lagungarria da ezpainen eta aurpegiko irakurketa egitea. Ikusmenaren laguntzaz, ezpainen mugimenduaren, kokapenaren, eta aurpegiko espresioaren bitartez ume gorrak informazioa jaso ahal izango du.

Pertsona entzuleok beste hiztun baten informazioa jasotzean ez dugu soilik kontuan hartzen ateratzen duen soinua, ezpainen mugimenduan eta aurpegian ere arreta jartzen dugu. Adibidez, hitz egiten gaudenean eta zarata handia dagoenean arazoak izaten ditugu besteak esaten duena ulertzeko, egoera horretan entzuleok ia konturatu barik arreta jartzen dugu ezpainen mugimenduan eta aurpegiaren adierazpenean, arreta horretan jarriz mezua askoz hobeto ulertuko dugu.

Irakurketa modu hau oso garrantzitsua da gortasun sakona duten pertsonentzat, ahozko hizkuntza bereganatzeko ezinbestekoa delako. Komunikazio bide hau eta zeinu hizkuntzaren erabilera eta ikasketa haur gorrentzat beharrezkoa izango da komunikatzeko duten tresnak direlako,beraz, sozializatzeko eta beste pertsonekin harremanetan jartzeko lagungarri izango dira.

Hauexek dira jarraitu beharreko pausu batzuk haur gorra irakurketa arazorik gabe egiteko:

  • Garrantzitsua da aurpegia eta ezpainak ikusgarri egotea, horretarako pertsona gorrarekin aurrez aurre jarriko gara.
  • Haur gorrarekin mantentzen den distantzia ez da oso handia izan behar, horregatik sistema hau talde handietan erabiltzea ez da komenigarria.
  • komunikazio harremana sortzen den lekuan argitasun on bat egotea ezinbesteko da, ezpainen irakurketa egiterakoan arazorik ez izateko.
  • Ezpainen artikulazioa normala izan behar da, ez oso azkarra baina ez oso arina. Lagungarri izaten da hitzegierakoan hitzak ez zatitzea eta esaldia amaitzean etenalditxo bat egitea.

Informazioa "La educación de los alumnos sordos hoy Perspectivas y respuestas educativas" liburutik atera dut.

Ezpaineko irakurketari (lectura labial) buruzko informazio gehiago lortzeko artikulu hitzan sakatu.

Argazki hau helbide honetan aurkituko duzue:http://www.zonalibre.org/blog/itaca/archives/2003_11.html

2007/05/16

AHOZKO HIZKUNTZA



Ahozko hizkuntza komunikazio tresna baliotsua da; jaiotzetik pixkanaka garatzen eta ikasten duguna pertsonen arteko interakzioaren bitartez. Baina, haur gorren kasuan ahozko hizkuntzaren bereganatzea eta ikasketa prozesu zaila da. Bereganatze honek baldintza batzuen arabera emango da, askotan ia ezinezkoa dena.


Haur gorrak entzumena galdu dueneko momentua garrantzia izango du. Haurra entzumena galdu aurretik ahozko hizkuntza barneratua badu garapena errazagoa izango da. Aldiz, haurra jaiotzetik gorra bada ikasketa zailagoa izango da eta askotan soinuak ateratzea baino ez dute lortuko.


Ikasketa prozesu honetan haurraren testuinguruak eragina izango du. Garrantzitsua da familia jarrera ona izatea arazo honen aurrean eta gai honetan aditua den pertsona baten laguntza ezinbestekoa izango da. Gainera, ahozko hizkuntzaren ikasketarekin lehen bait lehen hastea oso onuragarria izango da haurrarentzat eta gerorako arazo asko ekiditzeko ere.


Haurraren ikasketa prozesu honetan irakaslea kontuan hartu beharrekoa:


  • Gortasuna antzematen den momentutik ahozko hizkuntzaren lanketarekin hasi behar da.
  • Entzumena hobetzeko teknika ezberdinak erabiltzea eta ahal bada entzumen aparaturen bat erabilitzea.
  • Haurraren irakasle guztiak lan prozesuan barneratzea.
  • Haurraren familiari laguntza eskaintzea eta eduki ahal dituzten zalantza guztiak argitzen laguntzea.
  • Haur gorrari eta bere gurasoei heldu gor bat ezagutzeko aukera eskaintzea.

Informazio hau "La educación de los alumnos sordos hoy Perspectivas y respuestas educativas" liburutik atera dut.

Argazki hau helbide honetan aurkituko duzue:http://www.violenciaurbana.com.ar/hablarono/mainhablar.htm

"CONOCER AL NIÑO SORDO" Liburua

Liburu honetan gorren munduari buruzko zenbait ezaugarri eta infomazio aurkituko duzue,egileak, Rafael A. Ramírez Camacho, saiatzen da ahalik eta datu zehatzenak ematen egunero hezitzaile eta gurasoek eduki dezaketen galderen edo zalantzen inguruan.

Hauek dira liburuan zehar jorratzen diren gaiak:
  • Haur gorraren psikologia

  • Entzutearen anatomia eta fisiologia

  • Diagnostikorako metodoak, gortasunaren zergatiak eta motak

  • Entzumen protesiak

  • Haur gorraren eskubideak

  • Hezitzaileentzako esanahi zientifiko batzuk

Rafaelek liburu hau berriztu egin du beharrezko datu gehiago sartzeko. Horrela, irakurleak informazio zehatzagoa eta ugariagoa edukiko du. Lehenengo liburua irakurri ondoren zenbait zalantza argitu ziren baina bizitzan aurrera goazen heinean berriak sortzen dira, horregatik liburua berriztatzea garrantzitsua izan zen.

Argazkia helbide honetan aurkituko duzue:http://www.espaciologopedico.com/tienda/detalle?Id_articulo=210

2007/05/09

ELKARTEAK

Haur gorrek eta beren familiak laguntza behar izaten dute, heziketan zer nolako estrategiak erabili bahar diren jakiteko, zeinu hizkuntzaren ikaskuntzan aurrerapenak emateko, egoera berean dauden beste pertsonekin hitz egiteko... Beharrizan guzti hauek asetzeko bide bat elkarte batean sartzea da. Bertan, laguntza emateaz gain zenbait ekintza prestatzen dituzte, bai haurrak bai familiak parte hartzeko. Gainera, oso ona da haur gorrak egoera berean dauden pertsonak ezagutzea, eta horrela beraien esperientziak komunean jarri ahal dituzte , gehienetan oso onuragarria da. Gurasoak gorrak ez direnean umearen agoera ulertu dezakete baina ez dute zehatz mehatz jakingo nola sentitzen den bere haurra entzun gabe. Horregatik, umeak egoera berean dauden pertsonekin harremanetan egotea oso lagungarria izan daiteke.
Jarraian, interneten bilatzen aurkitu ditudan elkarte batzuk aipatuko dizkizuet:

KEINU- HIZKUNTZA IKASLE GORREN HEZKUNTZAN

Zeinu hizkuntzak geroz eta interes handiagoa pizten hasi du haur gorren irakasleen eta familien artean, baita ikertzaile eta urritasuna ez duten pertsonetan ere. Honek oso onuragarria da eskoletan bere lekua hartzen hasi delako edo behintzat aipatzen hasi da. Badaude, heldu gorrak zeinek borrokan eta lanean diharduten zeinuen hizkuntza ofizialtzat har dezaten. Honek eztabaida bat sortzen ari du ikasle hauen hezkuntza prozesuan erabiltzeko.

Denbora askotan, uste izan da gorrek egiten zutena keinu naturalak zirela edota objektuak irudikatzen zituztela. Esku mugimendu honen atzean egitura linguistiko (morfologia, sintaxia, lexikoa...) bat dago. Zeinu hizkuntzaren egitura linguistikoaren lehenengo ikerketek Stokoe, Estatu Batuarra, 1960.urtean egin zituen. Hortik aurrera, hizkuntzalarien interesa piztu zen zenbait ikerketa eginez.
Willian C.Stoke
Zeinu hizkuntza eskuen mugimenduaren bitartez sortzen da eta begietatik barneratzen dugu. Hizkuntza honetan eskuak izango dira oinarrizko tresna. Hauez gain, besoak betetzen duten lekua, begien zein ahoaren mugimendua, eta aurpegiarekin egiten ditugun keinuak garrantzitsuak izango dira. Mugimendu guzti hauek batera erabiltzeak errazten du elementu lexiko ezberdinen erabilera aldi berean. Ahozko hizkuntzan, esatebaterako, sekuentzia lineal bat erabiltzen dugu esan nahi duguna adierazteko, elementu lexikoak bata bestearen atzetik joanez, aldiz, zeinu hizkuntzak idei ezberdinak ia aldi berean adieraztea ahalbidetzen du.
Ez dugu ahaztu behar zeinu hizkuntza haur gorraren bizitzan ezinbestekoa, beharrezkoa eta garrantzitsua dela beraien komunikazio tresna edo sistema delako.
Argazkia helbide honetan aurkituko duzue:www.nsf.gov...

GORRA EDO ENTZUMEN URRITASUNA DUEN PERTSONA!!

Madrilgo heldu gorren Altatorre Elkarteko kideak adituei honako galdera planteatu zieten: zertarako erabili hainbeste hitz gure egoera adierazteko? Balio- urritasuna, gaigabezia, urritasuna...

Nahasketa handia zeukaten hitz hauen inguruan baina adituek azalpenak bukatu zituztenean neskato gor bat zutitu zen eta zera esan zuen: zergaitik ez duzue gor hitza erabiltzen, gorra deitu besterik ez. Pertsona gor askok hitz hori erabiltzea eskatzen dute beraiei erreferentzia egitean, ez baita gauza txarra, beraiek gorrak dira besterik ez.

Gai honi buruzko erreferentzia "La educación de los alumnos sordos hoy Perspectivas y respuestas educativas" liburuaren lehenengo kapituluan aurkituko duzue.

Askotan, uste dugu " Gor " hitza erabiltzen badugu pertsona hauen egoera adierazteko gauza txarra esaten ari garela eta horregatik urritasun edo ezintasun hitzak erabiltzen ditugu. Baina askotan, hitz horiek erabiltzean ez diegu gorrei mesede bat egiten. Ziur aski gai honen inguruan eztabaida ugari daudela eta zein den hitz hoberena ez dakigu. Behintzat Altatorreko heldu gorren elkarteak pista bat ematen digute gai honen inguruan GORRA HITZA ERABILTZEA eta listo.

Argazkia helbide honetan aurkituko duzue:http://www.fesorcam.org/asociaciones.html

LIBURU INTERESGARRI BAT!!!!


Ez dago erantzun zehatz bat entzumen urritasuna duten umeak nola hezitu behar diren jakiteko. Hartu beharreko bidea aldatu egiten da ikastetxe, ziklo, autonomi edota irakasleen arabera. Gainera, kontuan hartu behar dugu entzumen urritasuna duten umeek ez daudela guztiak maila berean (entzumenaren galera aldatu egiten da ume batetik bestera), beraz, heziketan beharko dituzten premiak ezbedirnak izango dira.
Irakasle berriak gai honetan sakontzen hasten direnean harrituta gelditzen dira ohartzean oraindik ez dagoela hezkuntzan edi irakaskuntzan erantzun zehatzik .
"La educación de los alumnos sordos hoy (Perspectivas y respuestas educativas) liburuan egileak, Ana Belén Dominguez Gutiérrez eta Pilar Alonso Baixeras, gai honen inguruan dauden galderak argitzen eta proposamen zehatz batzuk ematen saiatuko dira. Irakasle berriak eta irakaskuntzan jadanik daudenak erabakiak hartzen jakiteko adimen urritasuna duten haurrekin, era egokian hezitu ahal izateko.

Azken urteotan, ikerketa ugari egin dira gai honen inguruan, aldaketa bat nabaritzen hasi da, arreta jarriz haur gorren urritasunetan, baita hauen gaitasunetan ere. Beraz, planteamendu pedagogiko berriak sortzen ari dira, seinu bidezko hizkuntza haur gorren heziketan eta heldu gorraren rola eskoletan barneratuz.
Haur gorrek duten galera dela eta, arazoak dituzte ahozko hizkuntzan eta hizkuntza idatzian, hala ere, gaitasun batzuk dituzte zeinen bitartez oso azkar seinuen hizkuntza ikasteko gai diren, eta garapena lortu dezakete testuingurua egokia bada. Ezintasuna ikuspegi sozial batetik ikusten dugu non norbanakoa interakzioan jartzen da testuinguruarekin eta ez ikuspegi baztertzaike batetik.

Liburu honetan hizkuntza idatzia, ahozko hiazkuntza eta Keinu hizkuntza irakaskuntzan haur hauentzat duen garrantziari buruzko zenbait informazio aurkituko duzue eta Madrilgo ikastetxe batean egindako lan proiektu bat.

2007/05/07

Hezitzailearekin elkarrizketa...

Aurreko egunean Arrigorriagako eskolara joan nintzen hezitzailearekin hitz egiteko eta ume gorrei buruzko informazioa jaso nahian. Nire asmoa zein zen azaldu ondoren, esan zidan berak ez dela egon inoiz entzumen arazoak zituen haur batekin, eta gainera ez zuela informaziorik gai honetaz. Baina komentatu zidan eskolako logopedak agian lagundu ahal zidala gai honen inguruan informazioa lortzen edota gelan nola jokatu ahal dugun haur hauekin zenbait irizpide emanez. Logopeda oso lanpetuta egoten da eta beti dabil presaka, hala ere, saiatuko naiz berarekin elkarrizketa bat edukitzen. Ez da erraza izango elkarrizketa bat lortzea logopedarekin baina behintzat ahaleginak egingo ditut, berak eman ahal digun informazioa oso baliagarria izan daitekelako guretzat.

2007/04/18

NIRE AURKEZPENA
Kaixo lagunak! Loida deitzen naiz eta Arrigorriagan bizi naiz, 1986ko martxoaren 10ean jaio nintzen. Bilboko irakasleen eskolan Haur Hezkuntzako hirugarren kurtsoan nabil, eta aurten bukatzea espero dut. Lehen Hezkuntzako ikasketak Zaratamoko ikastolan egin nituen,aldiz, D.B.H eta batxilergoa Arrigorriagako institutoan.


ZERTAZ ARITUKO NAIZEN

Blog honetan gorrek hezkuntza jasotzeko eta ikasteko eduki dezaketen zailtasunen inguruan arituko naiz. Askok, irakasleak izango garenez edozein gelan ezintasun hau duen haur batekin aurkitu ahal gara. Unibertsitatean ez gaituzte irakasten nola jokatu behar dugun edo zer egin behar dugun egoera hauen aurrean. Oso garrantzitsua iruditzen zait gai hau, gure eginkizun nagusia izango delako umeei hezkuntza on bat eskaintzea. Baina nola eskaini hezkuntza on bat ez badakigu zein metodo erabili behar dugun, adibidez, ume gorrak gelan barneratuta egoteko eta gelako dinamikan arazorik gabe barneratzeko? Beraz, saiatuko naiz galdera honi ahalik eta erantzun egokiena ematen eta haur gorrei buruzko zenbait informazio eskaintzen. Espero dut blog honen bidez
gai honi buruz eduki dezakezuen zalantzak pixka bat gehiago argitzea!

Zalantzaren bat baduzue edo nirekin kontaktuan jarri nahi bazarete nire post elektronikoa eskura uzten dizuet.

mailto:loidis_6@hotmail.com